XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hire gogoan, infernuko, zeruko edo purgatorioko arimei buruz entzundako historiak kolpatu zitzaizkian.

Begiekin izarrak bilatu hituen berriz ere.

Ez hien gorrotorik gordetzen, ohitua hengoen ordurako hire eskariak behin eta berriz desestimatuak ikusten.

Orduan heureganako pena besterik ez huen sentitu.

Ba hekien penagarri izanen hintzela besteentzat eta eskola lagunek se ha muerto el padre de José esanen zutela boz isilean.

Geroago etorriko huen agure eta atso zaharrek kaleetan ikustean, Jaungoikoak hire aitari kendutako bizia zergatik hain luzaroan konserbatzen ote zien galdetzea.

Geroago izanen huen, egunetik egunera heure aitaren gorputz gartsuaren usteltze prozesoa mentalki segitzen huenean, kalean bizirik ikusten hituen gorputz ezezagunak gorrotatzea.

Baina orduan heure buruagatik pena sakon bat besterik ez huen sentitzen eta bizitza osoan lehendabizikoz askatasun osoaz hitz egin huen aitarekin izarrei begira.

Izebak atea hertsi zian eta eskertu egin hioan ezer gehiago esan gabe gelatik alde egina.

Hotzikaraz Ursulako argiari begira geratu hintzen oraindik luzaroan.

Sukaldetik aitonaren pronobis lehorrak entzuten hituen.

Lehendabiziko aldia huen errosariora faltatzeagatik norbait hire bila bidaltzen ez zuela.

Ez haiz gau hartako ezer gehiagoz oroitzen.

Beharbada etxera bueltatzeko beldurrez oheratu hintzen.

Beldur horrekin egin huen behintzat bidaia.